
Aniztasuna eta genero berdintasuna bultzatzen duen eskola espazioen eraldaketa parte-hartzailerako gidaliburua aurkeztu dugu.
Eskoletako jolastokiak ikastetxeetako hezkuntza proiektuetako atal geroz eta nabarmengarriagoa ari dira bilakatzen. Gero eta agerikoagoa da espazio horien izaerak gatazka eta arazo zehatzak sortzen dituela: jolas eta erabilera batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa hartzen dute, espazioaren erabileran eta banaketan genero hierarkiak sortzen dira, eta ez dira kalitatezko esperientziak eta harremanak ahalbidetzen. Izan ere, jolastokien gehiengo batek hezkuntza komunitatearen partaideen beharrizanak eta nahiak ez dute behar bezalako arretarik jasotzen, batez ere ikasleenak; eta, horregatik, jolastokien eraldaketa lehentasunezko proiektu bilakatzen hasi da ikastetxe askorentzat.
Edozein proiekturen hastapenean gertatzen den bezala, galdera asko sor dakizkieke horrelako abentura batean murgiltzen direnei: Nondik has gaitezke? Zer beharko genuke? Norekin elkar-lankidetza eratu? Nola txertatu ekintza parte hartzaileak? Nola eman diezaiekegu ahotsa haurrei? Nola lortuko genuke esperientzia aberasgarria izatea?
BILDUMA BAT gai horiei eta beste batzuei buruz argitasun pixka bat jorratzeko asmoarekin TIPIk argitara ematen duen liburuaren izenburua da; Elkartoki programa garatzen daramagun bost urte baino gehiagoan lortutako esperientzian oinarritutako prozeduren, aholkuen eta ikasketen laburpena.
Espazioaren eraldaketari heltzeko modu desberdinak aintzat hartuta, Elkartoki metodologiaren bereizgarritasuna eraldaketa jomuga bat dela, baina baita espazioen dinamiketan eta erabileretan nahiz ikastetxearen egiteko moduetan aldaketa sakonagoak lortzeko aitzakia dela ere. Eta aldaketa sakonago hori lortu ahal izateko, bi eragile erabakigarri identifikatu behar dira prozesuan: ikasleak direla aldaketaren motore eta praktika artistikoak eta esperimentazioa barneratu behar direla praxi eta formula berriei ateak irekitzeko. Parte hartzearen garrantziari eta kalitateari arreta jarriz eta eskolaren ekosistemaren kanpotik datozen eragileak prozesura erantsiz, gure prozedurak disekzionatu ditugu eta ezezagun batzuk argitzen saiatu gara.
Emaitza bi atal nagusitan banatu dugun liburu hau izan da:
- Lehenengo atala, Elkartokirekin lortu dugun ezagutzan oinarrituta dago. 2014an abian jarri genuen proiektua da eta prozesu metodologikoa 10 hezkuntza zentro baino gehiagotan ikasteko, ebaluatzeko eta sistematizatzeko aukera eman digu. Etengabeko ikerketa horrek Elkartokiren Iturri Kodea deritzogun atala kristalizatu dugu. Hots, gure asmamenetatik eta gure akatsetatik identifikatu ditugun gaiak, urratsak eta baldintzak, horrelako prozesu bat aurrera eramateko giltzarri gisa.
- Bigarren atala: artearen, hezkuntzaren, parte-hartzearen eta pedagogiaren arloko adituekin elkarlankidetzan garatu dugu. Prozesuaren parte hartzaileentzat zein sustatzaileentzat zuzenduta dauden lagungarri, aholku zein ernai espezifikodun bilduma bat jasotzen du: ikasleak (prozesuaren parte hartzaile eta hartzaile nagusi gisa), eskolaren komunitateko gainerako kideak (ikastetxeetan lan egiten duten pertsonak eta ikasleen familiak) eta bitartekaritzaz arduratzen diren pertsonak (prozesuan parte hartzen duten eta ikastetxetik kanpotik datozan eragileak, sortzaileei, artistei, kultur bitartekariei eta diseinatzaileei zuzenduz).
Bi ikastetxe berdin ez daudenez, ez daude ezta ere bi proiektu berdin. Hori dela eta, liburu hau EZ da zorrotz jarraitu beharreko argibidedun gidaliburu bat. Eta, era berean, ez du jomuga zehatz eta bakar bat: hezkuntza espazioak era parte hartzaile batean eraldatzeko orduan baliagarriak diren jarraibide eta tresnen laburbilduma bat da. Ostera, era honetako abentura baterako sarrera izan daiteke; lagungarri bat, esperientziatik ikusi dugun ibilbide konplexu batetarako; amankomuneko aldeak dituen beste antzerako prozesu batetara estrapolagarria den adibide gisa. Edota sinpleki Elkartokiri buruz gehiago jakiteko modu bat ere bada.
Egiteko modu berriekin esperimentatzeak bertigo pixka bat sor dezake, baina saiatzea merezi du. Liburu honekin prozesu berriak hastea bultzatzea nahiko genuke.
Lotura honetan liburuaren bertsio mugatu bat eskuragai duzue. Inprimaturiko formatuan nahi izan ezkero hurrengo liburudenda zerrendan eskuragarri izango dituzue, edota kaixo@tipigara.co helbidera idatzi eta guk geuk bideratuko dizuegu:
- Katakrak – Iruñea
- Anti – Bilbo
- Louise Michel Liburuak – Bilbo
- Kaxilda – Donostia
- Tobacco Days – Donostia
- Zuloa – Gasteiz
- Garoa – Zarautz
Bestalde, interes sakonagoa baldin baduzue, jendaurreko aurkezpen irekiak antolatuko ditugu hurrengo espazioetan:
Espero dugu guk adina goza dezazuela bidaiaz!