
Hiri-azterketarako indikadoreak eguneroko bizitza eta harreman komunitarioen ikuspegitik
Buletinaren harpidetza
Nola garatzen dira zaintza lanak eta auzokideen arteko harremanak zonifikazioaren paradigmapean eraikitako auzuneetan?
Eta hori testuinguru konkretu batera eramanez, nola garatzen da eguneroko bizitza 1950 eta 1980aren artean Errenterian eraiki ziren Alaberga, Galtzaraborda, Beraun eta Kaputxinoak auzoetan?
“Errenteriako industrializazio garaiko etxebizitza auzoen azterketa eguneroko bizitza eta harreman komunitarioen ikuspegitik” lana bi urtetan zehar garatu dugun ikerketa izan da, aipatutako galdera horiek izan dituena abiapuntu. 50eko eta 80eko hamarkaden artean eraiki ziren lau auzo horien hiri ezaugarriak aztertzea izan da ikerketaren helburu nagusia, auzokideen arteko harremanak eta eguneroko bizitza bere konplexutasunean garatzeko ezartzen dituzten baldintzak ezagutzeko. Horretarako, hainbat ikerketa teknika baliatu ditugu, besteak beste: dokumentazio azterketa, behaketak, sakoneko elkarrizketak, photovoice tailerrak, eta indikadore sorta baten sorrera eta horien araberako azterketa. Teknika ezberdinen bitartez jasotako auzoen ezagutza, indikadore sorta baten bitartez baloratu dugu, lau auzoetarako neurketa-parametro berdinak baliatuz. Indikadore horien inguruan hitz egin nahi dugu jarraian.
Indikadore multzoa ez dugu hutsetik sortu, eta bi iturri bibliografiko izan dira abiapuntu eta erreferentzia: “Gender Mainstreaming in urban planning and urban development” (hainbat egile, 2013), eta “Urbanismo para la vida cotidiana. Herramientas de análisis y evaluación urbana a escala de barrio desde la perspectiva de género” (Ciocoletto, 2014). “Gender Mainstreaming in urban planning and urban development“ gidak hainbat kriterio jasotzen ditu hiri egitura, auzo-zentruak, azpiegitura soziala, etxebizitzak, segurtasuna, espazio publikoa eta mugikortasuna genero ikuspegitik aztertu eta diseinatzeko. Gida horretako zeinbait kriterio hautatu eta indikadore neurgarri bilakatu ditugu. “Urbanismo para la vida cotidiana” doktoretza tesiak indikadore sistema bat proposatzen du eguneroko espazioak hurbiltasun, aniztasun, autonomia, bizitasun eta adierazgarritasun kualitateen arabera baloratzeko. Kasu honetan, zuzenean, tesian proposatzen diren zenbait indikadore hautatu ditugu aurretik sortutakoak osagarritzeko.
Bi iturrietako irizpide eta indikadore sortatik abiatuta, zazpi gairen araberako indikadore eta irizpide multzoa sortu dugu:
- Hiri-egituraren konfigurazioa
- Zentru lokalak, dendak eta zerbitzuak
- Ekipamenduak eta zerbitzu sozialez azpiegitura
- Etxebizitzak
- Segurtasun pertzepzioa
- Espazio publikoa
- Mugikortasuna eta konektibitatea
Ikerketan bertan kontsultatu daitezke azterketarako baliatutako 36 indikadore zehatzak.
Sortutako tresna interesgarria eta baliagarria den arren, esan beharra dago, indikadoreen neurketaren araberako emaitzak aztertzean, emaitza kontraesankorrak azaldu direla puntu gutxi batzuetan. Ondorioz, identifikatutako hobekuntza puntu horiek berrikusi eta azterketa-tresna fintzeko lanetan ari gara orain, eguneroko bizitzaren eta harreman komunitarioen begiradatik auzoen hiri-azterketak egiteko baliagarria izan dadin.
Buletinaren harpidetza