Bezeroa: Durangoko Udala

Urtea: 2018

Partaideak:
Udaleko Berdintasun Bulego Teknikoa eta Berdintasun Arloa, Andereak, Izar Gaztea, Bilgune Feminista edo Zabalduko Ditugu kolektiboetako emakumeak

Arazoa eta erronka

Bezeroa: Durangoko Udala

Urtea: 2018

Partaideak:
Udaleko Berdintasun Bulego Teknikoa eta Berdintasun Arloa, Andereak, Izar Gaztea, Bilgune Feminista edo Zabalduko Ditugu kolektiboetako emakumeak

Bizi ditugun espazioak gure harreman sozialen, lan moldeen edo ekonomiaren ulerkeraren isla argia dira. Ildo horretan, etxebizitzaren diseinuak aldaketa handiak izan ditu historian zehar, eta garai bakoitzeko errealitate sozialetara egokitu da. Aldaketa horiek agerian uzten dute bizikidetza-eredu jakin batzuen nagusitasuna, eguneroko bizitzaren eta lanaren arteko harremana, edo zaintzen zentraltasun handiagoa edo txikiagoa.

Mugimendu modernoaren itzalean diseinatutako etxebizitzetan, etxea ordaindutako lanaren ondorengo atsedenleku eta familia nuklearraren elkarbizitzarako gune gisa ulertzen da nagusiki. Ordutik denbora luzea igaro den arren, gaur egungo etxebizitza-tipologiek, kasu askotan, lan erreproduktiboen beharrak eta egungo bizikidetza-unitateen aniztasuna kontuan hartzen ez dituzten diseinuak eta hierarkiak erreproduzitzen jarraitzen dute.

Beraz, proiektu honen erronka nagusia Durangoko etxebizitza berrien diseinuan zaintzaren eta komunitate-harremanen behar espazialak txertatzea izan da.

Nola heldu diogu

Proiektuak 2 premisa nagusi ditu: hainbat eragilek hiriari buruz duten ezagutzaren aniztasuna balioan jartzea eta txertatzea; eta eragile horiek prozesu osoan zehar elkarlanean jarriko dituen lan-prozesu koordinatu bat egituratzeko beharra.

Beraz, eragile nagusiak hauek izan dira:

  • Udal-taldea, Udaleko Bulego Teknikoko teknikariek osatua, hirigintza-plangintza eta -exekuzioko tresnak eta administrazio-kudeaketako tresnak ezagutzen eta erabiltzen dituena.
  • Emakumeen talde motorea, udalerriko hainbat elkarte eta kolektibotan parte hartzen duten emakumeek osatua, udalerriko eguneroko bizitzari, zaintza-beharrei eta bizitza komunitarioari buruzko ezagutza sakona dutenak.
  • Tipi, hirigintzan eta espazioen diseinuan genero-ikuspegia txertatzen eragile aditu bezala.

Jakintza desberdinak ikusarazi eta maila berean jarriko dituen lan-marko bat sortu dugu, non Udal-Taldearekin egindako saioak Emakumeen Talde Motorearen saioekin tartekatu diren. Horrela, talde batean egindako lanaren emaitzak besteari helarazi zaizkio garatzen jarraitzeko, eta alderantziz. Tenis-partida bat balitz bezala, edukiak teknikarien eta emakumeen eskuetatik igaro dira, baloratu, lehenetsi eta osatu ditzaten. Tipitik, berriz, bitartekaritza-lana egin dugu, erreferentziak bilatu ditugu baita edukiak erredaktatu ere.

Genero-ikuspegidun Durangoko Etxebizitza Ordenantzaren lehen zirriborroa idatzi ondoren, etxebizitza-promotoreen ikuspegia integratu nahi izan dugu, eta haien balizko errezeloak antzeman, etxebizitzen ekoizpenean funtsezko eragileak baitira. Horretarako, artikuluen lehen zirriborroa kontrastatu eta beharrezko aldaketak egin ditugu. Ondoren, Ordenantza Hirigintza Batzordean aurkeztu dugu eta zenbait hobekuntza ere egin ditugu.

Horrela, prozesu bat egin dugu, etxebizitzari buruzko begirada eta esperientzia askotarikoak integratu dituena eta ezinbestekotzat izan dituena. Ordenantza aplikagarri bat lortu dugu oso esanguratsuak jasotzen dituena zaintza lanak errazteko, ingurune seguruak sortzeko eta auzokideen arteko harremanak sustatzeko.

Emaitzak

Prozesu horren emaitza nagusia “Etxebizitzen eta bulegoen eraikuntzan genero-ikuspegia txertatzeko ordenantza” izan da. Legea 2019ko maiatzean jarri zen indarrean, eta Durangon eraikitako etxebizitza berri guztiek nahitaez bete beharreko neurriak jasotzen ditu. Jarraian, biltzen dituen neurri nagusiak laburbilduko ditugu, etxebizitza-blokeetako espazio komunei zein etxeen barrualdeari buruzkoak.

Espazio komunei dagokienez:

 

  • Gela komunitarioa: 20 etxebizitza edo gehiagoko blokeek erabilera komunitarioko gela bat izango dute, gutxienez 25 m2-ko azalera duena.
  • Mugikortasuna laguntzeko gailuak gordetzeko gela: haur-kotxeak, erosketetarako orgatxoak, gurpildun aulkiak edo antzeko elementuak gordetzeko gela bat egongo da behe solairuan, etxebizitza bakoitzeko 0,35 m2-ko azaleraduna.
  • Trastelekuak: Etxebizitza guztiek izango dute trasteleku bat gutxienez, 4 m2-ko azalera duena.
  • Sarbideen segurtasuna: ataria kale nagusira ematen duen fatxadan kokatuko da, ikuspena oztopatzen duen elementurik gabe, gehienez ere 0,6 m-ko atzeraemangunearekin; gutxienez % 75 gardena izango da, pizte automatikoko sistema izango du eta behar bezala argiztatuta egongo da.

Etxebizitzen barrualdeari dagokionez:

  • Balkoia: etxebizitzek balkoi edo terraza bat izango dute gutxienez 3,6 m2-koa, non 2×1,20 m-ko laukizuzen batentzako lekua egongo den.
  • Armairuak logelatik kanpo: sarreran edo pasozko guneetan gutxienez 0,5×0,6×2,10 m-ko biltegiratze espazioa aurreikusiko da.
  • Arropa garbiketa: Etxebizitza guztiek izango dute gune bat arropa garbiketa ziklorako (arropa zikinak pilatu, garbitu, lehortu, lisatu) eta esekitokitik lekurik hurbilenean kokatua egongo da.
  • Sukaldea: Biltegiratze bolumen minimoa ezartzen da eta baita janaria prestatzeko gainazalaren gutxieneko azalera. Egongelarekiko batasun espaziala bultzatzen da, beti ere, bi espazioen arteko banaketa bisuala ezarriz, lan eta deskatsu momentuen banaketa ahalbidetzeko.
  • Komunak: bainugela bat baino gehiago egonez gero, horietako baterako sarbidea pasaguneetatik edo egoteko guneetatik egingo da. Komun-ontziaren eta dutxaren arteko erabilerak bereiztea sustatuko da, aldi berean erabili ahal izateko. Gainera, gutxienez 0.3×0.3×0.7 m-ko biltegiratze-eremua aurreikusten da.
  • Eraikuntza-malgutasuna: espazio hezeek (sukaldea, arropa garbitzeko gunea eta garbiketa-gelak), ahal den neurrian, instalazio bertikal hezeetako patinilloa partekatuko dute, eta instalazioak sabaitik eta lurzorutik banatuko dira, gainerako gelak modu errazagoan eta merkeagoan moldatu ahal izateko.

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar tu accesibilidad, personalizar y analizar tu navegación. Al continuar navegando consideramos que aceptas su instalación. Puedes cambiar la configuración u obtener más información en nuestra cookies policy

The cookie settings on this website are set to "allow cookies" to give you the best browsing experience possible. If you continue to use this website without changing your cookie settings or you click "Accept" below then you are consenting to this.

Close