Genero-indarkeriari buruzko prestakuntzarako tresna digitala
Bezeroa: Osakidetza
Urtea: 2022
Partaideak:
Osakidetza , Osakidetza Prestakuntza Zerbitzu Korperatiboa, Osasun-profesionalak, Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeen elkarteak
Arazoa eta erronka
Bezeroa: Osakidetza
Urtea: 2022
Partaideak:
Osakidetza , Osakidetza Prestakuntza Zerbitzu Korperatiboa, Osasun-profesionalak, Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeen elkarteak
2019an, Osakidetzak Euskadiko genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean jarduteko gida argitaratu zuen, hainbat asistentzia-testuinguruetan genero-indarkeria prebentzioan, detekzio goiztiarrean eta esku-hartzeetan zenbait irizpideren inguruan sentsibilizatzeko, eta horiek ezartzeko eta bateratzeko.
Gidak zenbait jarduketa-urrats deskribatzen ditu, azterketa teoriko batetik abiatuta, horrelako kasuei erantzuteko. Osakidetzak material hori kasu praktiko baten bisualizazio batekin osatu nahi zuen, gidan prestakuntzarako material gisa funtzionatuko zuena.
Nola heldu diogu
Bisualizazio hori egiteko, elkarlan prozesu bati ekin zitzaion. Prozesu horretan arlo klinikoko eragileak eta prestatzaileak parte hartu zuten. Proiektua 4 saioetan zehar garatu zen, ekainetik urrira bitartean.
Proiektuak bi fase izan zituen:
- Elkarsorkuntza fasea
Lehenengo fasean, datu-base batetik abiatuta, fikziozko kasu bat landu genuen, adierazgarria izango zena, esku-hartze klinikoan ohikoa izateagatik eta ariketa praktikorako interesgarria izateagatik. Genero-indarkeriaren biktima diren pazienteek osasun-sisteman egiten duten ibilbidean, une garrantzitsuenak adostu genituen. Tresnaren garapenean, profesionalek haien egunerokotasunean aurre egin behar dieten zalantza eta ziurgabetasunak sortu ziren. Hori dela eta, ibilbide horrekin batera, zenbait ariketa planteatu ziren, kasu horiei buruzko sentsibilizazioa errazteko, gidan jasotako protokoloa modu praktikoan erakusteko eta profesionalen zalantzei erantzuteko. Aldi berean, hainbat ekintza egin ziren prozesua aberasteko. Alde batetik, saioen arteko elkarsorkuntza tresnak eman ziren online, prozesua eremu desberdinetako profesionalei irekitzeko eta haien ekarpenak jasotzeko. Bestalde, elkarrizketak egin ziren kasu praktikoa genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen elkarteekin kontrastatzeko eta, horrela, egoera horretan dagoen paziente batek bizi dituen zailtasunak behar bezala islatzen direla bermatzeko. - Erremintaren ekoizpena
Bigarren fasea tresna sortzeko beharrezko materialen kontzeptualizazioa eta ekoizpena izan zen, gidoiak, ilustrazioak, animazioak eta grabaketak.
Emaitzak
Prozesu horren emaitza, Euskadin genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean jarduteko gida-k jasotzen duen protokoloa modu praktikoan islatzen duen tresna izan zen.
Tresna horrek Karmenen kasua jasotzen du. Karmen senarrarekin batera doa larrialdietara, berarekin izandako eztabaida gogorrak eragindako toraxeko mina dela eta. Audioen eta giro-soinuaren bidez, pertsonaiari ahotsa jarriz girotzea lortzen da, ibilbidea egiten duen pertsonak errazago jar dadin paziente hori artatu behar duen profesionalaren paperean.
Tresnak audioak, testuak, ilustrazioak eta animazioak ditu, eta horien bidez, parte-hartzaileek kasua detektatu behar dute eta pazientearekin laguntza prozesu bat abiatu.
Kasu praktikoan, itxarongelak, kontsultak eta hitzorduak jasotzen ditu, eta gidak planteatutako jarduera-protokoloaren adibideak ematen dituzten zenbait ariketa islatzen dira, osasun-langileek horrelako kasuen aurrean dituzten ziurgabetasunei erantzuteaz gain.