Bezeroa: Osakidetza
Urtea: 2019
Partaideak:
Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, EIDE (Euskadiko Diseinugileen Elkartea), Osasun Eskola, Paziente bizia, Herritarrak
Bezeroa: Osakidetza
Urtea: 2019
Partaideak:
Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, EIDE (Euskadiko Diseinugileen Elkartea), Osasun Eskola, Paziente bizia, Herritarrak
Parte hartzen duten eragileak: Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, EIDE (Euskadiko Diseinugileen Elkartea), Osasun Eskola, Paziente bizia, Herritarrak
Arazoa eta erronka
Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasun Eskola zerbitzua sortu zuten 2013an, herritarrak osasun-prozesuen eta gaixotasunen inguruan trebatzeko.
Zortzi urteko ibilbide honetan hainbat izan dira mugarriak eta martxan jarritako ekimenak —horien artean aipatzekoa da Paziente bizia programa—. 2019an birbideratzeko prozesu bat abiatu zen, zerbitzuaren etorkizuna irudikatzeko eta erabiltzaileei bideratutako eredu bat ezartzeko, zerbitzua egituratua izan zedin, testuinguru eta erronka berriekiko koherentea, eta horiei egokitutakoa.
Nola heldu diogu
Osasun Eskola programa birdefinitzeko, lankidetza-prozesu bat egin zen 2019ko maiatza eta urria bitartean: prozesu hori Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalek eta barne-taldeek bideratu zuten, prozesuan lagundu zuten eta talde eragilearen proposamenei eta ekarpenei forma eman zieten diseinuko profesionalen laguntzarekin.
«Talde eragile bat osatu zen, non osasunaren hainbat arlotako profesionalek parte hartu zuten. Taldeak ekaina eta iraila bitartean banatutako bost lan-saiotan parte hartu zuen, eta baita herritarrekin (gaixotasuna zuten edo ez zuten pertsonekin) egindako tailer batean ere»
Osasun Eskola birbideratzeko, lanerako hainbat ikuspegi eta metodologia bildu zituen prozesu bat egin zen; ikuspegi holistikoa izan zuen, pertsonak ardatz zituena, diseinuan eta gizarte-zientzietan erabilitako tresnak eta egiteko moduak hibridatzen zituena, eta ezaugarri nagusi gisa enpatia zuena. Aurrera eraman zen lanerako prozesuak pertsonak erdigunean jarri nahi izan zituen, proposamenak eta estrategiak haiekin batera aztertuz eta diseinatuz, betiere, horien egingarritasuna eta bideragarritasuna gogoan izanda.
Hau ere prozesu parte-hartzailea izan zen, eta hainbat pertsonak parte hartu ahal izan zuten diseinu-erabakietan, beren ikuspuntuak, ezagutza eta baliabideak emanez. Horri esker, zerbitzuaren definizioan hainbat eragileren kezkak, beharrak eta balioak identifikatu eta sartu ahal izan ziren.
Prozesuak bost hilabete iraun zituen eta hiruna orduko bost lan saio egin ziren. Saio horietan, talde eragileak birbideratzeko oinarri gisa balio izan zuten edukiak sortu eta adostu zituen elkarlanean.
Horrekin batera, proiektuarekin lotutako profesionalek aurrera eraman zituzten partaidetzarako eta baterako sorkuntzarako bestelako ekintzetatik ateratako ondorioak aztertu eta erantsi ziren. Ekintza horien artean daude, besteak beste, herritarrekin egindako tailerrak, profesionalei egindako elkarrizketa sakonak eta elkarteekin egindako focus group-ak.
Gainera, parte hartzeko tailer ireki bat egin zen, non Osakidetzako profesionalek, pazienteek eta herritarrek osasunarekin lotutako etorkizuneko eszenarioak irudikatu zituzten. Tailer horretan profil anitzetako 27 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte: osasun arloko profesionalek, hezkuntzaren arlokoek, gaixotasun kronikoak zituzten pertsonek, gaixotasunik gabekoek eta bizitzako etapa desberdinetan zeudenek… Diseinu espekulatiboa baliatuz, ariketa bat planteatu zen, zeinetan, etorkizuneko eszenario baten eraikuntzatik abiatuta, honako galdera hauek erantzuten saiatu ziren: pertsona gisa, zer behar dut gaixo egotera ez iristeko?, gaixo dagoen pertsona gisa, zer behar dut hobeto egoteko?
Lanerako prozesu hori guztia bi fasetan egituratu zen:
- Fase 1
Irekiera fase bat, non erabiltzaileen beharrak ikertu ziren eta taldeko ikuspegi eta ikuspuntuak jaso ziren. - Fase 2
Bateratzeko fase bat, zeinetan kontzeptuak, ideiak, seinaleak eta ondorioak aukeratu ziren, forma eman zitzaien eta mugarritu egin ziren.
Emaitzak
Prozesuaren ondorioz, Osasun Eskola Programa birdefinitzeko dokumentu bat lortu zen. Birdefinizio horretan, Osasun Eskola zerbitzuaren norabide berriaren gakoak jasotzen dira, eta haren kontzeptualizazioa eta oinarri estrategikoak ezartzen dira.
«Osasun eskola zaintza komunitarioen sare gisa definitzen da, pertsonei laguntza, orientazioa eta informazioa ematen diena, eta elkarteekin lankidetzan diharduena»
Entregagaiak honako alderdi hauek hartzen ditu barne:
- Osasun Eskolaren erronkak eta rola: Euskal Osasun Sistema Publikoaren testuinguruan kokatuta.
- Osasun Eskolaren definizioa: zerbitzuaren ikuspena, misioa, balio-proposamena eta printzipioak jasotzen dituena.
- Osasun Eskolaren helburuak: helburu orokorra eta berariazkoak barne hartuz.
- Osasun Eskolaren onuradunak: publikoen tipologia eta horien ezaugarri orokorrak zehaztuz.
- Zerbitzu nagusiak: ekimen eta programen tipologiak zehazten dira, talde eta azpitaldeetan egituratuta.
- Ekimenen ezaugarriak: sartu, sustatu eta lehenetsi behar diren ekimenak eta ekintzak balioztatzeko irizpide sorta batekin.
- Zerbitzuaren oinarrizko gobernantza: esku hartu behar duten eragileei eta horien parte-hartze mailei dagokienez.
- Lan-prozesutik eratorritako gomendio orokorrak eta seinaleak, zerbitzuaren etorkizuneko garapena bideratzeko baliagarriak izan daitezkeenak.