Bezeroa: Hainbat eragilek finantzatutako ikerketa proiektu propioa

Urtea: 2019tik hiru edizio egin dira

Partaideak:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, EHUko Arte Ederren Fakultateak, Hainbat komunitate eta herritarrek, Eragile adituek eta artistek: Itziar Zorita, Elisabet Roselló, Arrate Hidalgo, Clara Moreno, Maider Aldasoro

Arazoa eta erronka

Bezeroa: Hainbat eragilek finantzatutako ikerketa proiektu propioa

Urtea: 2019tik hiru edizio egin dira

Partaideak:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, EHUko Arte Ederren Fakultateak, Hainbat komunitate eta herritarrek, Eragile adituek eta artistek: Itziar Zorita, Elisabet Roselló, Arrate Hidalgo, Clara Moreno, Maider Aldasoro

Etorkizunak arakatzea, espekulatzea, imajinatzea, prototipatzea.

Aldaketa eragiteko tresna baliagarria izan al daiteke? Ikuspegi baliozkoa al da elkarrekin sortzeko eta modu kolektiboan lan egiteko? Ikuspegi edo kontakizun kolektibo aberatsagoak eraikitzeko ere balio al du?

Une honetan, inoiz baino gehiago, etorkizunen kontakizun berriak behar ditugu. Elkarrekin pentsatu behar ditugu irudi dikotomikoetatik (distopia vs utopia) eta denboraren ikusmolde linealetik urrun egon daitezkeen beste aukera batzuk; azken horrek, izan ere, etorkizuna klabe singularrean planteatzen baitu, eta alde batera uzten baititu bestelako fenomeno batzuk, esaterako, beltxarga beltzak eta gure garaikidetasuna osatzen duten beste gertaera iragarrezin batzuk.

Jardunbide artistikoek egungo problematiken inguruko erantzun eta imajinario berriak ikertzen laguntzen digute; begirada konplexua ematen digute, eta geure burua pentsatzeko eta kontatzeko modu alternatibo bat proposatzen dute. Hori dela eta, prozesu bat aktibatu nahi dugu, artearen moduak gizarte-erronken aliatu gisa kokatzeko, partaidetzan eta talde lanean oinarrituz. Horren guztiaren helburua da hainbat irudiren eta etorkizuneko eszenarioen inguruan eztabaidatzea eta horiek imajinatzea, horren bidez beste orainaldi modu batzuk esploratzeko eta desiragarriagoak diren etorkizunetarantz joateko estrategia berriak aktibatzeko.

«TOPIAK bitartekaritza prozesuetan ikuspegi espekulatiboekin ikertzeko eta esperimentatzeko motibaziotik eta nahitik sortu zen proiektua da, arteen eta diseinuaren arteko elkargunetik sortzen diren ikuspegi eta taktikak ere baliatu nahi dituena»

Nola heldu diogu

TOPIAKen espekulatiboa den horrek disrupziorako eta elkarlanerako duen gaitasunean sakondu nahi dugu, eraldaketa soziala bilatzen duten proiektuen zerbitzura jarriz. Horretarako, ikerketa bat eta hainbat esperimentu egiten ditugu. Nola? Proiektu parte-hartzaileetan bitartekaritza egiteko tresnak, metodoak eta moduak probatuz, diseinatuz eta testatuz, Etorkizuneko Ikasketen eta Diseinu Espekulatibo eta Kritikoaren oinarriez baliatuz.

Lehen edizioa 2019tik 2020aren hasierara bitartean sortu eta garatu zen, honako helburu nagusi honekin: beste testuinguru eta proiektu batzuetarako baliagarriak izan zitezkeen kultura- eta arte-bitartekotzaren jardunbideak aberastea ahalbidetuko zuten ondorioak ateratzea. Xede horrekin, bitartekaritzarako eta elkarrekin sortzeko hainbat modurekin esperimentatu genuen, Etorkizuneko Ikasketen eta Diseinu Espekulatibo eta Kritikoaren ikuspegiak baliatuz. Lehen edizioa hainbat komunitatetan eta partaidetza prozesutan egin zen, eta horien arten honako hauek nabarmentzen ditugu:

  1. Tarotean osasun arloko profesionalekin
    Osakidetzak (Euskal Osasun Zerbitzuak) eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2019an argitaratu zuten “Genero indarkeriaren aurrean nola jardun jakiteko osasun arloko profesionalentzako gida”. Genero indarkeriaren aurreko detekzio goiztiarra, prebentzioa eta esku hartzea aspaldidanik daude Sailaren eta osasun zerbitzuaren agendan, baina jarduteko moduak (pilotuak, ekintzak, programak …) birpentsatu beharra dago, ez baitira nahikoa. Intuizioak esaten die egiten dena “betikoa” dela, eta horrek kasu batzuetan jada ez du funtzionatzen. Erronka zen gida ezartzeko estrategia, programa eta ekintza berritzaileak eta desberdinak imajinatzea, zerbitzuko profesionalekin eta Sailarekin batera. Nola joan gaitezke harago genero indarkeriari heltzeko orduan? Nola abiaraz ditzakegu aldaketa bultzatuko duten dinamikak?
  2. 2050eko angiozarri buruzko ikuspegi desberdinak sortzen
    Conexiones Improbables eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Landa Sortzailea programaren barruan garatutako proiektu bat da. Landa eremuei dagozkien gaiekin du zerikusia, zehazki, despopulatzearekin, landa izaera berriekin, iraunkortasunarekin, eta abarrekin lotutako erronkekin. Testuinguru zehatza Angiozar da, Bergarako (Gipuzkoa) auzo bat, herrigunetik urrun dagoen eta 300 biztanle inguru dituen landa eremua dena.
    Prozesuaren arrazoi nagusia Gariketxe jauregirako proiektu baten prototipoa egitea zen. 1500. urteko eraikina abandonu egoeran dago eta auzoaren erdian dago. Hainbat aukera daude. Prozesu horren erronka, beraz, haien eskaerei ikusgaitasun handiagoa ematea zen eta erakundeekin benetan negoziatzen hasi ahal izatea, baina logika berri batetik eta estrategia berriekin: Auzoko Batzordeko kide askok adierazi zuten bazirudiela marmotaren egunean bizi zirela.
    Horretarako, etorkizuneko ikuspegian oinarritutako prozesu oso bat proposatu zen. Nolakoa izan liteke Angiozarren etorkizuna 2050ean? Zer gerta liteke? Zer erabilera izango lituzke jauregiak testuinguru horretan?
  3. Deribak imajinatzen haurren kontseiluarekin
    Haurren Kontseilua Arrasateko Udalaren parte den Kontseilu bat da, eta udalerria hobetzeko proposamenak egiten ditu, haurren ikuspegitik. Udal proiektu eta politiketarako organo aholku-emaile gisa ere funtzionatzen du. 4 urte daramatza funtzionatzen. 9 eta 11 urte bitarteko 22 neska-mutilek hartzen dute parte.
    Ikasturte bakoitzaren hasieran, parte hartzaileek lehentasunezko arazo bat eta landu beharreko erronka bat aukeratzen dituzte, gai batekin lotutakoak. Hasierako urteetan, joera hirigintzarekin, espazio publikoaren hobekuntzarekin eta arkitekturarekin lotura zuzena zuten gaiak aukeratzea izan zen. Joera hori bat dator herritarren partaidetzarekin lotutako bestelako dinamika batzuekin, non gai horiek presentzia handiagoa izan ohi duten. Erronka zen fokua irekitzea eta gai horiek gainditzea, arreta haurrei eta, oro har, herritarrei eragiten dieten beste gai batzuetan jartzeko. Hainbat gai eta kezkari buruz hitz egitea proposatu genuen, egungo “makro” eta “mega” joerak aitzakia gisa erabiliz. Hainbat joera jarri ziren mahai gainean, horien eraginari eta bilakaerari buruz pentsatzeko. Zer nolako bilakaera izango du klimaren gaineko kontzientziaziorako joerak? Eta biztanleriaren zahartzearen gainekoak? Zer norabide har dezake makroenpresa batzuen botere kontzentrazioak? Eta feminismoek?

Aurreko ediziotik atera ahal izan genituen ondorioekin PAUTOLOGO bat —etorkizunekin modu parte-hartzailean lan egiteko jarraibideen bilduma bat— egin genuen, etorkizunen ikuspegia izango duten partaidetzazko bitartekaritza prozesuetan abiapuntu gisa balioko duen gailu gisa.

Bigarren edizioa 2021aren hasieran egin zen eta, edizio hartan, ekoizpen eta bitartekaritza formatu berrien esperimentazioan sakontzea jarri genuen helburu gisa, eta baita Etorkizuneko Ikasketen, Jardunbide Artistikoen eta Diseinu Espekulatiboaren arteko elkargunean sakontzea ere.  Horrela, bada, partaidetzazko bitartekaritza prozesu oso bat eraman genuen aurrera, EHUko Arte Ederren fakultateko ikasle eta irakasleei zuzendutako programa baten bidez Espekulazio Talde bat sortu zen, EHUko Arte Ederren fakultateko ikasle eta irakasleek osatua. Hainbat artistarekin eta bitartekaritza talde batekin batera, etorkizuneko irudiak sortu ziren; ondoren, irudi horiek fakultateko erakusketa aretoan hezurmamitu ziren, espazio fisiko murgiltzaile bat eraikiz. Espazio hori aitzakiatzat hartuta, hainbat eztabaida aktibatu ziren, 2. edizioaren itxieran egin zen partaidetzazko saio ireki batean. Bitartekaritza prozesu hori ikerketa eta pilotaje paralelo batekin bat etorri zen. Hortik ere ondorio batzuk atera ziren, 1. Edizioan hasitako PAUTOLOGOA aberasteko balio izan zigutenak.

Azken 3 urteetan hainbat tailer, saio eta partaidetza prozesu egin ditugu, hainbat motatako publikoekin eta hainbat komunitatetan, eta bitartekaritzarako jarraibide edo gako batzuk lurreratzeko adina esperimentatu ahal izan dugu.

TOPIAK fase berri batean sartzen da. Fase berri horretan, erronka nagusia da beste etorkizun posible batzuk modu parte-hartzailean imajinatzetik harago joatea, testuinguruak sortuz, jardunbide artistikoen, espekulatiboa den horren eta beste diziplina batzuen arteko elkargunea baliatuta etorkizun hurbilerako hobekuntzak, estrategia desiragarriak edo alternatiboak irudikatu ahal izateko, eta horiek elkarrekin sortu ahal izateko. Aurtengo edizioaren erronka, beraz, honako hau da: programa publiko gehiagori zabaltzea, sektore eta diziplina gehiagorekin hibridatzea, eta bitartekaritza programa berritzaile bat eskaintzea, zeinak etorkizun desiragarriago baterako estrategiak eta ekintza posibleak irudikatzeko balioko baitu.

Emaitzak

TOPIAK etengabe aldatzen ari den proiektua da, bere planteamenduetan sakonduz doana eta edizio bakoitzean ondorio metodologiko gehiago ateratzen dituena.

Lehen bi edizioen ondorioz, PAUTOLOGO bat sortu zen: etorkizunak jendearekin modu parte-hartzailean irudikatzen ditugunean kontuan hartu beharreko jarraibide edo gaien bilduma bat.

Pautologoaren edukia ikusteko:

Ikerketaren berri izateko kontsultatu  proiektuaren profila HEMEN. 

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar tu accesibilidad, personalizar y analizar tu navegación. Al continuar navegando consideramos que aceptas su instalación. Puedes cambiar la configuración u obtener más información en nuestra cookies policy

The cookie settings on this website are set to "allow cookies" to give you the best browsing experience possible. If you continue to use this website without changing your cookie settings or you click "Accept" below then you are consenting to this.

Close