Bezeroa: Udalak, ikastetxeak eta Guraso Elkarteak
Urtea: 2014tik
Partaideak:
Ikasleak, Eskola-komunitatea, Artista gonbidatuak, Udaleko teknikariak, Arduradun politikoak
Arazoa eta erronka
Bezeroa: Udalak, ikastetxeak eta Guraso Elkarteak
Urtea: 2014tik
Partaideak:
Ikasleak, Eskola-komunitatea, Artista gonbidatuak, Udaleko teknikariak, Arduradun politikoak
Jolastokia da haur askok lehen aldiz bizi eta esperimentatzen duten espazio publikoa, eta, nahiz eta espazio garrantzitsua izan, oro har, bai patioak bai eskolako gainerako espazio komunak ez dira modu egokian diseinatu eta pentsatu. Tradizionalki, leku zurrunak eta estandarizatuak izan dira; espazio arrotzak, ikasleen eta eskola-komunitatearen nahiak eta beharrak islatzen jakin ez dutenak.
Leku horien ezaugarri fisikoek, kudeaketa-ereduek eta nagusi diren erabilerek eragin handia dute haurren jarreretan eta portaeretan. Izan ere, espazio horien izaerak, askotan, gatazka eta arazo zehatzak eragiten ditu: ez da kalitatezko joko-harremanik eta -esperientziarik sortzen, joko eta erabilera batzuek besteek baino garrantzi handiagoa hartzen dute, eta espazioaren erabileran eta banaketan genero-hierarkiak eta dinamika diskriminatzaileak sortzen dira.
Gai horiek lantzeko asmoz, 2014an lehen programa bat jarri genuen martxan, eskolako jolastokien eta espazio komunen konfigurazioan eta dinamiketan esku hartzeko. Azterketa-, gogoeta- eta sorkuntza-prozesu kritikoen bidez, ikasleek erabilera edo esku-hartze berriak asmatu eta eraikitzen dituzte problematika horiei heltzeko eta eraldatzeko.
Nola heltzen diogu
Jolastokiak eraldatzeko proiektuek bizikidetzan eta balio inklusiboetan oinarritutako espazioak sortzea dute helburu, baina, espazioa eraldatzeko proiektuak izateaz gain, prozesu pedagogikoak eta parte-hartzaileak ere badira: ikasleak dira motorra, partaidetzaz eta elkarlanean lan egiten dutenak.
Horrela, espazioaren hobekuntza eta eraldaketa aldi berean helburu eta aitzakia dira: patioaren eraldaketa-prozesua proiektu horien oinarri diren ideiak edo zutabeak lantzeko aukera gisa erabiltzen da.
LAU ZUTABE
Lan egiteko modua ezinbesteko baldintzatzat hartu eta antolatzen duten lau ideia nagusiak honako hauek dira:
- Genero-berdintasuna
Espazioaren ezaugarri fisikoek, sinbolikoek eta arauek kulturalki ezarritako genero-rolak indartu ditzakete. Horregatik, aniztasuna, inklusibotasuna eta berdintasuna indartuko dituzten espazioak eta dinamikak sortu nahi ditugu, ikuspegi intersekzionaletik, desberdinen arteko harreman justuagoak praktikan jartzeko.
- Esperimentazioa
Gauzak egiteko bide eta modu berriak probatuz, imajinatzen ez ziren emaitzak lor daitezke. Horregatik, helburuetariko bat lan egiteko moduak berritzea da, espazioa eraldatzeko erronkari erantzun desberdinak aurkitzeko asmoarekin.
- Kolektibitatea
Espazioen izaeran, erabileretan eta dinamiketan eragitea ez da egun batetik bestera gainditu daitekeen erronka. Horregatik, funtsezkoa da proiektuaren ardura, bultzada eta sustapena eragile parte-hartzaileek (eskola-komunitateak eta kanpoko laguntzaileek) aurrera eramatea, prozesua iraunkorragoa izan dadin eta eraldaketak eskolan benetako eragina izan dezan.
- Parte hartzea
Haurrak ere eskubideen subjektu dira. Horregatik, autoritatea eta protagonismoa eman nahi diegu. Beren gogoetak, ahotsak, sorkuntzak, esku-hartzeak eta erabakiak funtsezkoak dira, eta testuinguru seguru eta horizontalak eskaintzen ditugu horretarako.
Pausoz pauso
Ardatz horietan oinarrituta, proiektuen garapena hiru fase edo une hauetan egituratzen da:
- JABETU kontzientzia hartzea, ezagutzea, enpatizatzea.
Espazioa eta eguneroko dinamikak aztertzea eta ulertzea du helburu. Horretarako, patioaren izaera fisikoa ez ezik, patioak sortzen dituen jarrerak eta sentimenduak ere behatu eta aztertzen ditugu, eta horien guztien inguruan hausnartzen dugu. Beraz, besteen erabilerak eta egoerak entzun eta uler ditzaten eta berenak adierazteko aukera ematen diegu. Horrela, patioarekiko indarguneak eta ahuleziak identifikatzen ditugu, eta, batez ere, lehentasunezko beharrak eta nahiak. - ASMATU: Imajinatu, prototipatu, testatu, adostu.
Haurren nahiak eta beharrak abiapuntutzat hartuta, fase honetan elkarrekin irudikatzeko espazio bat irekitzen da. Testuinguru aske eta egokia sortzea da helburua, haurrek aipatutako problematikak eraldatuko dituzten ideia berriak imajina ditzaten. Helburua izango da patiorako aukera berriak sortzea, gero adostuko direnak behin betiko esku-hartzea eta hartuko diren neurriak lurreratzeko. Horretarako, hainbat hausnarketa-irizpide hartuko dira kontuan: baliabide ekonomikoak, teknikoak, segurtasuna, proiektu pedagogikoarekiko koherentzia, haurren nahien adierazgarritasuna, etab. - ERALDATU: esku hartu, ospatu, jarraitu.
Espazioaren alderdi fisiko, arauemaile eta sinbolikoetan esku hartzea du helburu, partaidetzaz eta elkarlanean adostutako proposamenaren arabera. Une honetan garrantzitsua da prozesua eta parte-hartzaileen lana ospatzeko eta balioan jartzeko gune bat sortzea.
Praktika artistikoak aliatu gisa
Prozesuan zehar, sortze-, gogoeta- eta esku-hartze-saioak, uneak eta topaketak antolatzen ditugu, eskola-orduetan, haurrekin.
Horretarako erabilitako dinamikek eta metodologiek testuinguru horizontalak sortu nahi dituzte, non ahots eta gorputz guztiak sartzen diren. Beraz, hausnarketarako espazioetatik haratago, esperimentaziorako eta sorkuntzarako denbora eskaintzen da, agertoki berrietara iristeko.
Zentzu horretan, praktika artistikoak gure aliatuak dira. Artea egiteko moduek nabarmen aberasten dute prozesua; batetik, begirada beste leku batzuetan kokatzera gonbidatzen dutelako, eta, bestetik, praktikari modu kolektiboan heltzeko beste hizkuntza batzuk proposatzen dituztelako. Beraz, praktika artistikoen ekarpena ez da transformazio fisikoaren unean bakarrik islatzen; funtsezkoa da prozesu osoan zehar.
Emaitzak
Emaitzak aldatu egiten dira ikastetxe bakoitzaren arabera, tokiaren eta gauzatu den prozesuaren berezitasunak kontuan hartuta.
Batzuetan, espazioaren eraldaketa integralak dira emaitzak, espazioak erabat birformulatzen dituen arkitektura-proiektu baten bidez. Beste batzuk esku-hartze puntualak dira, bestelako jarduerak eta egoteko moduak aktibatzeko leku estrategikoetan kokatuak.
Beste batzuetan, jolas-araudi eta harreman-dinamiken aldaketak gauzatzen dira. Kasu horietan, espazioa eta jolasa antolatzeko moduen eraldaketan datza emaitza, ikuspegi inklusiboetatik abiatuta harremantzeko moduak erdigunean jarriz.
Hurrengo ikastetxeekin egin dugu lan
Abadiño Zelaieta Eskola (Abadiño)
Abendaño Ikastola (Gasteiz)
Aitor Ikastola (Donostia)
Arrigorriagako Eskola (Arrigorriaga)
Elizalde Herri Eskola (Oiartzun)
Etxaurren Ikastola (Aiala)
Geroa Ikastola (Getxo)
Karmelo Etxegarai (Azpeitia)
Kontxa Eskola (Bilbo)
Kueto Eskola (Sestao)
Lekeitioko Eskola Publikoa (Lekeitio)
Lezo Herri Eskola (Lezo)
Lucas Rey Eskola (Amurrio)
Luzaro Ikastetxea (Deba)
Mimetiz Eskola (Zalla)
Mutriku BHI (Mutriku)
San Nikolas Ikastola (Getxo)
Urkitza Eskola (Bakio)
Zabaleko Eskola (Amurrio)
Zornotza Ikastola (Zornotza)