
Ahaidetasun ereduak eta administrazio publikoa: iraunkortasuna eta arrakalak
Buletinaren harpidetza
Beste kategoria askoren inguruan hitz egitea posible izango litzateke: familia, gurasotasuna, amatasunak eta aitatasunak, etab. Guztion ahotan dauden hitzak dira, hauen definizioa eremu politikoa da. Baina egokiagoa iruditzen zaigu hitz ezezagunago bat erabiltzea: ahaidetasuna. Kategoria hau dakargu Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ibilbidea aintzat hartuz (1).
Baina zer da ahaidetasuna? Elixabete Ímaz Martinez antropologo eta irakasleak Judith Butlerren hitzak itzuli eta horrela dio:
« Ahaidetasuna bizitzaren erreprodukzioarekin eta heriotzarekin lotuta dagoen harreman multzo bat da» , beraz, bizirauteko ezinbestekoak diren harremanen inguruan hitz egiten gabiltza. »
Gure testuinguruan gizarte aldaketa handiak eman dira azkenengo hamarkadetan: estatuaren rolean eraldaketak, Mugimendu Feminista eta honen borrokari esker lortutako eskubideak, emakumeek era orokortuan enplegu merkatura salto egitea, zaintza-sistemaren krisia eta zaintzen banaketan gizonek ardura hartzeko erresistentzia, teknologien garapena eta lagundutako ugalketaren merkatuaren hazkundea, mugimendu migratorio berriak, mugimendu LGBTIQ+aren borroka eta ikusgarritasuna eta beste prozesu asko gertatu dira. Guzti honekin batera ahaidetasun ereduetan aldaketak eman dira. Araua markatzen duen familia nuklear zisheterosexualak, non emakumeengan jartzen den zaintza-lanen ardura, ez du egungo errealitatea azaltzen. Eredu berrietaz hitz egin dezakegu: kide bakarra duena, eredu LGBTIQ+ak edo kuirrak, harrera eta adopzio bidezko nukleoak, eredu komunitarioak, etab. daude gizartean, ikusgarritasuna eskuratzen ari direnak.
« Errealitate berriek erronka berriak eragiten dituzte eta eremu publikoari begira galdera hau zabaltzen da: zein da estatuen eta, honen adar bezala, Administrazio Publikoen egitekoa honetan? »
Nazioarteko testuingurua begiratuz, agerikoa den ultraeskuinaren igoerarekin, estatuek eskubideen urraketan izan dezaketen eragina nabarmena dela ikusten ari da. Italiaren kasuan, gobernuaren irizpidea jarraituz, Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru, udaletxeetan genero bereko bikoteen umeak ez erregistratzeko irizpidea eman zen. Erabaki hau bide legal eta mobilizazio sozialarekin borrokatu da.
Diskriminazio kasuetara iritsi gabe estatuen inpaktua handia dela badakigu. Sustatzen diren legeek, administrazioko prozedurek, eskainitako eta emandako prestazioek, diskurtsoek… herritarren bizitzetan eragina dute.
Estatuak gizartearen errealitateari erantzun nahi badio eta funtzio demokratiko bat izan nahi badu, ahaidetasun eredu berrien errekonozimendua ezinbestekoa da, ez soilik ikusgarritasunari dagokionean baizik eta eskubideen eskuratzean ere bai. Ahaidetasun eredu tradizionalek genero desparekotasuna eta krisian dagoen zaintza-sistema iraunkortzen ditu.
« Honen aurrean, bide berriak eta bide zaharretan arrakalak behar dira. »
Oharrak
(1) Honen erakusle da Emagin elkarte feministak 2022. urtean hasitako proiektua, emaitza moduan jardunaldi, topaketa eta argitalpen anitzak izan dituena.
(2) Gehiago jakiteko berria hemen
Buletinaren harpidetza