
«Nolakoak izango dira etorkizunean biziko diren izaki berriak? Zer errealitatetara egokituko dira? Zer nolako harremanak izango ditugu haiekin?»
Ekuadorreko 2008ko konstituzioak modu esplizituan aitortzen ditu Naturaren eskubideak, zeinak berezkoak baitira eta gizakion balorazioetatik kanpo geratzen baitira; horrek agerian jartzen du norabide biozentrikoak presentzia gero eta handiagoa duela mendebaldeko pentsamendu garaikidean.
Ikuspegi horren arabera, Lurreko bizitza oro interdependentea da eta izaki sinbionte bakarra osatzen du, planetaren gainazalean zehar sare moduan hedatzen dena. Lurra izaki sinbionte bakar bat bada,
«Gizakia organismo indibidual bat dela esan al dezakegu? Kausa-efektu erlaziorik al dago espezieen arteko harremanen barruan? Hautespen naturalak eragiten al du eboluzioa?»
“Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean” erakusketa 2017an Parisko Jeu de Paumen sortu zen proiektu bat da. Maria PTQK bertako komisarioaren eskutik sortu zen eta, ondoren, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan (CCCB) garatu zen, azkenik, Bilboko Azkuna Zentrora iritsi arte. Erakusketaren abiapuntua Lynn Margulis biologo estatubatuarraren lanak dira, eta jatorri bereko Donna Haraway filosofoaren ikuspegi eta narratibak arakatzen dira, sinbiosia bizitzaren erdigunean jartzen dutenak.
Margulisen teoria endosinbiotikoak ezartzen duenez, sinbiosia da eboluzioaren eragile nagusia. Teoria honek bakterioetan jartzen du begirada, eta bakterioen historia planetaren garapenarekin lotzen du. Organismo guztiak elkartzen dituen eta horien oinarri den printzipio gisa ezartzen du sinbiosia: interdependenteak diren izakien sare bat sortzen da, non gizakia sare horren baitako izaki bat baino ez baita. Donna Haraway filosofoak izakien sare horri erreferentzia egiteko “espezie lagunak” kontzeptua erabiltzen du. Termino horrek elkarren artean eraikitzen eta harremanetan egoten diren izakien ehun oso bat izendatzeko balio du, aurretik existitzen zen indibiduoaren nozioa hautsiz.
Paradigma-aldaketa horrek planetan bizitzeko beste modu batzuk imajinatzera bultzatzen gaitu, adibidez, bestearekin dugun harremana bientzako prozesu eratzaile gisa ulertzera, etxeko animaliekin eta elikatzeko erabiltzen diren landareekin, esaterako. Beste espezie batzuen arteko harremanak eta beste espezie batzuekin ditugunak horizontaltasunetik begiratzeak aukera ematen digu parekoak garela ulertzeko, taxonomia androzentrikoa atzean utziz. Horren ondorioz, izateko beste modu batzuk har ditzakegu eredutzat eta, adibidez, beste organismo batzuekin harreman iraunkorra duen bakterioen kolonia gisa imajinatu dezakegu gure burua.
Zientzia Frikzioak, Donna Harawayk garatutako terminoak, zientzia fikzioa eta fabulazioa uztartzen ditu, jardun espekulatiboen bidez teorika egiteko modu berri gisa, galderak birpentsatzeko, birformulatzeko eta zabaltzeko tresna gisa.
Jardun espekulatiboetatik abiatuta, Tipitik, ikastetxeentzako bisita gidatuak diseinatu eta egin genituen ditugu, DBHko 4. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko etapetan. Bisita horien helburua zen erakusketan biltzen diren gaiak eta ikuspegiak planteatzea, espekulazio-ariketa baten bidez. Erakusketak agertzen duen gaia ariketa praktiko batekin konbinatu genuen, ikasleei begirada aldaketa hori egiten laguntzeko. Nolakoak izango dira etorkizunean biziko diren izaki berriak? Zer errealitatetara egokituko dira? Zer nolako harremanak izango ditugu haiekin?
Hainbat material erabiliz, zer itxura izango luketen, non biziko liratekeen, zer ohitura izango lituzketen eta zer hots egingo luketen imajinatu genuen. Ariketa horren emaitza gisa, izakien bilduma bat egin genuen, ornodunetatik hasi eta bakterioetaraino, esteka honetan ikus daitekeen fabula-animaliategia sortuz.