
Belaunaldiartekotasuna bultzatzea eta adin ezberdinetako herritarren arteko elkarguneak sortzea erronka potoloa da egungo herri eta hirietan. Izan ere, gero eta ohikoagoa da hiri diseinua haurren ikuspegitik lantzea, pertsona nagusien esperientzia aintzat hartzea, zaintza lanen beharrak mahaigaineratzea… Hirigintza barneratzailea Europako Hiri Agendaren faro eta zeharkako estrategia bilakatu da. Herritarrak anitzak gara eta aniztasun horren eskubide eta bizi baldintzei erantzun behar die hirigintzak.
Baina nola sortu espazioak eta jarduerak non pertsona ezberdinak nahasten garen? Nola harremandu aniztasun hori leku eta momentu konpartituetan?
Erronka horretatik abiatu zen 2018an gauzatu genuen “Belaunaldiarteko Zorrozgoiti” proiektua. Kasu horretan, plaza baten diseinua haur eta nagusien artean birpentsatzea zen helburu nagusia, baina baita elkarlanean aritzeko aitzakia ere, memoriaren transmisioa, enpatiaren lanketa eta auzo-komunitatearen indartzea lan egiteko moduaren ardatz izan baitziren. 2020an abiatu dugun “Parke Biziak” proiektuan ere, belaunaldiartekotasuna zentrala da Ordiziako parke-sarea berpentsatzeko prozesuan.
Ze baldintza bete behar ditu plaza edo parke batek adin ezberdineko herritarrak biltzeko? Nola lagundu dezake hiri-diseinuak herritarren arteko nahasketa hori sustatzen?
Aipatutako bi proiektuetatik zenbait klabe eratorri ditzakegu. Ordizian pertsona oso nagusiekin egindako sakoneko elkarrizketetan, herriko “Bomberos” parkea goraipatzen zuten:
Oso polita da, ibiltzeko polita. Ondo babestutako parkea da, itzal oso atsegina dago, zuhaitzak daude, bistak ere politak dira… Familian joateko perfektua da, txikientzat eta helduentzat. Esertzeko leku nahikoa dago, komunak, haurrentzako jolasak eta ondo komunikatuta dago. Gainera, ordenatuta dago, hau da, denentzako baldintza onak uztartzen ditu: haurrek jolasten dute eta helduek ikusi eta gozatu egin dezakete bitartean.
Zorrozgoitiko prozesuan ere, aipatutakoen ildotik doazen aspektuak aipatu ziren:
Ezin dugu ahaztu kaleak pasozko tokiak izateaz gain egon eta harremantzeko guneak ere badirela, eta horretarako ezinbestekoak dira banku eroso eta ugariak. Bestalde, irisgarritasuna bermatzea eta konektibitatea sustatzea ere ezinbestekoa da herritargo ahalik eta zabalenak plazak erabili ditzan. Eta ezin dugu ahaztu segurtasun pertzepzioaren lanketa espezifikoa, genero-ikuspegitik hainbeste landu dena.
Belaunaldiartekotasunaren erronkari tiraka, aipatzekoa da baita Madrilgo Medialab Pradon azken urteetan martxan jarri den “De 0 a 99” proiektua. Haur, gazte eta nagusiekinudalekuak antolatzen dituzte elkar ezagutzeko, dibertitzeko, jolasteko, kirola egiteko… beti ere edozein adinetako pertsonak gustora egoteko eta jarduerak konpartitzeko helburuarekin. Izan ere, pertsona ezberdinen arteko elkarguneak sortzeko, espazioaren diseinua zaintzea bezain garrantzitsua da jarduerak antolatzea eta bertan ematen diren erabileretan eragitea.
Herritar anitzek gustura eta erraztasunez erabiliko dituzten guneak sortzean dugu erronka beraz, espezifikotasunari atentzioa jarriz anitzasunari lekua egitean.