Bezeroa: Errenteriako Udala
Urtea: 2024
Partaideak:
Udala, Auzo elkarteak, Herritarrak,
Arazoa eta erronka
Bezeroa: Errenteriako Udala
Urtea: 2024
Partaideak:
Udala, Auzo elkarteak, Herritarrak,
Herri eta hirietako espazio eraikia hobetzeko interbentzioak egitean, sarri, Udalek izaten duten informazio urbanistikoaren izaera eta kopurua ezberdina izaten da auzoaren arabera edota landutako gaiaren arabera. HAPOak analisirako eta esku-hartzeko marko komuna ezartzen digun arren, urterik urte zehazten diren hiri-hobekuntzarako esku-hartzeak Udal estrategia propioen, sortzen diren aukeren eta eskaeren arabera garatzen dira sarri.
Erabaki hartze hori laguntzeko tresna izan nahi du garatutako lanak, eta hiriko edo herriko eremu ezberdinen errealitatea parametro berdintsuen arabera aztertuz eta ikusaraziz. Horrenbestez, analisi tresna bakar batekin herriko auzune guztien azterketa urbanistikoa egitea izan da lan honen erronka.
Esan behar dugu proiektuaren abiapuntua Koldo Mitxelena XV. ikerketa bekan egindako lanean egon dela: “Errenteriako industrializazio garaiko etxebizitza auzoen azterketa eguneroko bizitza eta harreman komunitarioen ikuspegitik”. Lan horretan indikadore sorta bat sortu genuen auzoen hiri-egituraren hainbat aspektu espazial aztertzeko, eta harremanak sustatzeko zein eguneroko bizitza errazteko duten gaitasun potentziala neurtzeko.
Nola heldu diogu
Hiri-azterketa konparatua egiteko, izaera urbanoa duten Errenteriako 14 auzoen analisia egin dugu, auzo bakoitza 35 indikadorereren arabera aztertuz. Hiri-ezaugarri komun batzuen asebetetze maila neurtu dugu, jakiteko zein neurritan errazten duten auzokideen eguneroko bizitza gauzatzea eta harreman komunitarioak sortzea. Azterketa-prozesuan datu kuantitatibo eta kualitatiboen jasoketa konbinatu dugu, eta baita lehen eta bigarren mailako datuena. Hurrengoak izan dira emandako pausuak:
1. Aurkezpena auzoen arteko mahaiean
Auzokideei proiektuaren motibazioen eta planteamenduaren berri emateko, auzo elkarte guztien arteko bilkura espazioa sortu da, “auzoen arteko mahaia” deitu duguna. Mahai komun honetan lanaren jatorria, helburuak eta aurreikusitako ekintzak aurkeztu ditugu, eta topagunea baliatu dugu auzokideekin kontrastatzeko auzoei buruzko zenbait oinarrizko informazio, hala nola: eguneroko ibilbideak, ekipamenduen erabilera, harreman espazioen kokapena etab.
2. Informazio bilketa
Zehaztutako 35 indikadoreek auzo bakoitzean duten asebetetze maila neurtzeko, informazio bilketarako lau bide nagusi landu ditugu:
- Bigarren mailako informazio iturrien azterketa: Eustat, Lurdata, katastroa, kartografia, udal dokumentazioa eta antzerako iturriak. Informazio horrek auzoetan kokatzea eta horien inguruko oinarrizko informazioa biltzea ahalbidetu du.
- Behaketak: auzokako behaketen bitartez, bigarren mailako iturrietatik bildutako informazioa kontrastatu dugu eta espazio publikoaren egoera eta ezaugarrien inguruko informazio kualitatiboa bildu dugu.
- Auzotarrentzako galdetegia: formatu digital eta paperekoan zabaldua, kalearen erabileraren eta pertzepzioen inguruko informazioa biltzeko baliatu dugu.
- Sakoneko elkarrizketak: auzo-elkarteekin talde-elkarrizketa bana egin dugu gainontzeko iturrietatik jasotako informazioan sakontzeko eta auzo bakoitzaren dinamika propioak ulertzeko.
3. Datuen irakurketa eta emaitzen formalizazioa
Bildutako informazioa auzokako fitxetan bildu da, 35 indikadoreak 7 gairen arabera antolatuz: 1. Hiri-egituraren konfigurazioa; 2. Zentru lokalak, dendak eta zerbitzuak; 3. Ekipamenduak eta zerbitzu sozialen azpiegitura; 4. Etxebizitzak; 5. Erosotasuna; 6. Espazio publikoa; 7. Mugikortasuna eta konektibitatea.
Iturri ezberdinetatik jasotako askotariko informazioa (kualitatibo zein kuantitatiboa) parametro berdin batzuen arabera adierazi dugu, 1etik 5erako puntuazio bat egotziz. Ondoren, bildutako informazioa formatu ezberdinetan adierazi dugu, analisien irakurketa kuantitatibo eta kualitatiboa ahalbidetu dutenak. Modu horretara, auzoen errealitate ezberdinak ikusarazi eta konparatu ditzakegu, eta aldi berean, hobekuntza esparruak identifikatu.
4. Emaitzen sozializazioa
Azterketaren emaitzak auzoen arteko mahaiean aurkeztu ditugu, eta Udaletik auzo elkarte guztiei emaitza txostena bidali zaie. Aldi berean, egindako lana eta emaitzak Udal barruko bi Batzorde Informatzaileetan aurkeztu ditugu: Lurraldea Batzorde Informatzailean eta Herritarrak Batzorde Informatzailean. Modu hirretara, sail ezberdinetako arduradun tekniko eta politikoekin azterketa konparatuaren zeharkakotasuna eta emaitzen erabilgarritasuna landu ditugu.
Emaitzak
Azterketaren emaitza 14 auzoren 35 indikadoreren araberako hiri-azterketa konparatua izan da. Jasotako informazio guztia modu anitzetan formalizatu dugu irakurketa ezberdinak ahalbidetzeko: laburtuagoak edo sakonagoak, gaikakoak edo auzokakoak, kuantitatibo edo kualitatiboak, grafikoak edo testu bidez garatuak.
- Errenteriako egunerokotasunaren kartografia osatu dugu, herriko harreman espazioak, komertzioa, ekipamenduak eta eguneroko sarea ikusarazten dituena.
- Auzokako emaitzen laburpen diagramak egin ditugu, auzo bakoitzak gai bakoitzean lortutako asebetetze maila grafiko bakarrean adierazten dutenak.
- 7 gai nagusien araberako puntuazio emaitzen laburpen planoak egin ditugu, Errenteriako planoaren gainean auzo bakoitzak gai bakoitzean lortutako asebetetze maila adierazten dutenak.
- Gaikako edukien laburpen planoak egin ditugu (7 plano), indikadoreen bitartez jasotako informazioa espazioan kokatzen dutenak.
- Auzo bakoitzeko informazio taula bat bete dugu, indikadore bakoitza ebaluatzeko jaso ditugun datuak biltzen dituena, eta baita informazio horren arabera egotzitako puntuazioa ere.
Datu bilketa eta lanketa sakona da egin duguna, hainbat erabilera izan ditzakeena: Udal mailan esku-hartzeak planifikatzerakoan lehentasunak ezartzea, auzoen beharrak herriaren ikuspegi osoago batetik lantzea, auzoen arteko desorekak eta errealitate ezberdinduak ikusaraztea, edota Udalerriaren argazki urbanistiko zabal eta parte-hartu bat edukitzea, herritarren egunerokotasunaren, harremanen eta balditza espazialen arteko lotura aztertzen duena.
Buletinaren harpidetza
