
Zeri erantzun behar diogu etorkizunak modu parte-hartzailean lantzen ditugunean?
Etorkizuna ezin da aurreikusi existitzen ez delako, baina etorkizuneko alternatiboak aurreikusi daitezke eta aurreikusi behar dira
Diseinua industriaren edo merkatuaren zerbitzura dagoen diziplinatzat hartzen duten arrazoibide nagusiei kontrajarrita, diseinu espekulatiboa fikziozko tresnak -objektuak, irudiak, filmak, testuak…- sortzen dituen korrontea da. Tresna horiek espekulazioa eta egunerokoa uztartzen dituzte, eta jendearentzat gonbidapena dira etorkizun berri horiek dakartzaten ondorioak arretaz eta kultura, zientzia, teknologia eta politikaren bidez aztertzeko, imajinaziozko arau tazitu eta sozial batzuk asmatuz.
Diseinu espekulatiboa praktika artistikoekin loturiko metodologia eta ikuspuntua da, eta arrakastaz aplikatu izan da marketin, ikerketa, hezkuntza edo eztabaida publikoen eragile nahiz sortzaile gisa, adibidez, herritarren zahartzeari buruzko hau.
Diseinu espekulatiboaren xedea ez da gauzak, produktuak sortzea, baizik eta ideiak, utopiak, aukerak… batez ere. Etorkizun posibleak asmatuz, errealitatea zelakoa izan litekeen imajinatzeko markoa da. Hala ere, hau ez da sorpresarik gabeko etorkizun zehatzak aurreikusi eta gailentzeko ariketa; “eta zer gertatuko litzateke…?” galdera egin, gure orainari erantzunak emateko eszenatokiak planteatzean datza.
Ikuspegi hau Dunne eta Raby artistek abiarazi zuten. 1994an sortutako kolektibo honek, diseinua erabiltzen du jada existitzen diren eta sortzen ari diren teknologien inplikazio sozial, kultural eta etikoei buruzko eztabaida pizteko.
Diseinu espekulatiboak etorkizunak azaltzen eta esploratzen laguntzen duten “artefaktuak” sortuz lan egitea proposatzen du, eta pertsonen erreakzioak eta erantzunak lortzea bilatzen du. Ikusi eta ukitu ditzakezun gauzak izateak denboraren makina baten moduan jokatzen du, imajinatutako etorkizun horretarantz garamatza: nola sentituko nintzateke? Zer gehiago gertatuko litzateke?
Tresna horiek espekulazioa eta egunerokoa uztartzen dituzte, eta jendearentzat gonbidapena dira etorkizun berri horiek dakartzaten ondorioak arretaz aztertzeko.
Diseinu Espekulatiboa baliagarria eta erabilgarria da ideiak eskuragarriago eta sormen handiagoarekin probatzeko eta aztertzeko. Hau da, esan dezakegu etorkizunak imajinatzea -eta/edo egoera espekulatiboei buruz eztabaidatzea- ere lagungarria izan daitekeela eztabaidatzeko, pertsonon itxaropenei eta beldurrei buruz hitz egiteko, eta, horrela, ikuspegi edo kontakizun kolektiboak modu disruptibo eta aberasgarriagoan eraikitzeko, ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonek eginiko ekarpenekin.
Ideia hori abiapuntu hartuta, diseinu espekulatiboari buruzko proiektu berri bati hasiera ematen ari gara. Gai horri buruz denbora daramagu ikertzen eta lanean, eta gure proiektu batzuetan une jakin batzuetan sartu dugu, baina, orain, modu zehatzagoan garatuko dugu, ikerketa eta esperimentazioaren esparruan. “TOPIAK: etorkizunak diseinatuz” deitu diogu orain hastera doan ikerkerta proiektu honi.
Helburu nagusia da bitartekaritzaren jardunbideak aberasteko balioko duten ondorioak/estrategiak ateratzea, eta, era berean, beste testuinguru eta proiektu batzuetan balio izatea. Horretarako, bitartekotza- eta elkarsorkuntza-modu ezberdinak jarriko dira martxan, diseinu espekulatibo eta kritikorako ikuspuntuak baliatuz.
Hala, ikuspuntu espekulatiboarekin loturiko funtsezko hainbat tresna sortuko ditugu, diseinu eta kultura-arloko zenbait aditurekin batera, adibidez, Elisabet Roselló eta Itziar Zorita. Era berean, benetako testuinguruetan egingo dugu proba, elkarsorkuntza eta bitartekaritzarako programa ezberdinak martxan jarriz, lan egingo den komunitateen erronkei heldu ahal izateko.
Ikerketa honen emaitzak partekatzeari begira webgunea eta Instagram kontua jarriko da martxan. Bertan hurrengo urteetan zehar proiektuaren baitan aurrera eramango ditugun ekintzak eta eratorriko ditugun etorkizuneko irudiak igotzeaz gain, metodologikoki eratorriko ditugun ondorioak ere partekatzea da asmoa: zeri egin behar saio so etorkizunak lantzen ditugunean modu parte-hartzailean? zer eduki behar dugu kontuan modu parte-hartzailean espekulatzen dugunean?