
«Hainbat gai ikutu eta biltzen dituen disziplina da hirigintza, eta ondorioz, beharrezkoa da zeharkakotasunez lan egitea ahalbidetuko diguten espazio, proiektu eta metodologiak aktibatzea»
Afera hau argi azaleratzen da udalerri mailako plan eta proiektuetan, non osasuna, ekonomia, berdintasuna edo trantsizio energetikoa bezalako gai potoloak lurreratu eta ingurune eraikian gorpuzten diren.
Hirigintza zeharkakotasunetik ulertu eta lantzeko hainbat bide egon daitezkeen arren, herritarren eguneroko bizitzan fokua jartzea modu aproposa da hirian lotuta dauden hainbat gai ulertu eta aztertzeko: espazio pribatu eta publikoaren arteko jarraikortasuna; denboraren eta espazioen erabileraren arteko harremana; zaintza lanekiko ardurak mugikortasun patroietan duen isla; hiriaren inguruko jakintzaren demokratizazioa etab. Col·leuctiu Punt 6-eko kideek “Urbanismo feminista” liburuan zera diote:
«Publikoaren eta pribatuaren banaketa espaziala hausteko, gure estrategia, urbanista feminista gisa, eguneroko bizitza denbora eta espazioa aztertzeko tresna gisa erabiltzea da, bai eta lan-metodologia gisa ere, eguneroko jardueren artean jarraitutasuna ezartzen baitu, generoaren araberako zereginen eta erantzukizunen banaketa desorekatua agerian uzten du, eta hiriguneak eguneroko beharretara egokituta dauden ala ez hausnartzeko aukera ematen digu»
Zentzu horretan, Adriana Ciocolettok bere “Urbanismo para la vida cotidiana” doktoretza tesian, “Eguneroko sarea” proposatzen digu hirigintza praxiaren elementu egituratzaile gisa. “Auzo baten eguneroko sarea harreman-espazioek, eguneroko ekipamenduek, saltokiek, garraio publikoko geltokiek eta horiek lotzen dituzten kaleek osatutako sarea da, auzokideek beren eguneroko beharrak asetzeko erabiltzen dutena.” Eguneroko sarea identifikatuz eta berorren kualitateak aztertuz, jakin dezakegu inguru batean bizi diren pertsonek ekipamenduetara edo garraio publikora bidean erosketak egiteko aukera duten, ekipamenduetara heltzeko ze kale eta distantzia ibiltzen dituzten egunero, hiri-bilbeak jarraikortasuna duen kale horietan zehar, edo eraikinek eta bertako erabilerek pertsonen presentzia ahalbidetzen duten.
Plangintza tresnak eta administrazio publikoaren egiturak zeharkakotasunaren moldeetara egokitzen ari diren arren, sarritan, egindako lanketak departamentuka eta gaika berrantolatu behar dira edukien inplementazioa ziurtatzeko. Ondorioz, eguneroko sarearen azterketaren bitartez ikusitakoa, mugikortasunaren, jarduera ekonomikoaren edo esku-hartze sozialaren logikara moldatzea ezinbesteko bilakatzen da egindako lanak prozesu administratiboetan lekua eduki dezan. Azken finean, edukiak berregituratzeko jarrerak bermatzen digu gai ezberdinak elkarrekin harremanduta lantzeko gaitasuna, eta aldi berean, logika administratiboetan inpaktua izateko ahalmena.
Azkenaldian, gure logiken parte bilakatu da lan egiteko modu hau; bereziki, hirigintza-plangintzarekin harremana duten proiektuetan. Durango eta Orozkoko HAPOetan genero ikuspegia txertatzeko prozesuan, eguneroko sarearen eta departamentuen logikaren artean mugitu gara. Modu berean, Gasteizeko HAPOa elikatzeko parte-hartze saioetan, herritarrek adierazitakoa xehatu dugu HAPOren jarraibideetara egokitzeko. Zeharkakotasuna bermatzeko ezinbestekoa baita malgutasunez lan egitea eta espefizikotasunari heltzea.